Back to All Events

Rachel Mellon Collection


Hubert de Givenchyren zuzendaritzapean antolatutako Rachel L. Mellon Collection erakusketak, bilduma honen aukeraketa zaindua aurkezten du jendaurrean, bai eta Balenciagaren goi-mailako joskintzari buruzko irakurketa berria ere, dama paregabe horren iragazki pertsonalaren bitartez.

Rachel Lambert Mellon (1910–2014), Bunny izenarekin ezagutzen zena, Ipar Amerikako gizarteko xx. mendeko damarik handienetakoa izan zen. Mrs. Mellon oinordetzan dirutza itzela jasotakoa zen, filantropoa, arte-bildumagilea, lorategien diseinatzailea —besteak beste, Etxe Zuriko Rose Garden ospetsua diseinatu zuen—, Kennedytarren adiskide pertsonala, eta Paul Mellon banku-arloko handiki eta mezenas nabarmenaren emaztea; beraz, Balenciagak zituen bezeroen arketipoa osatzen zuen: diruduna, sentikorra eta esklusiboa.

Izan zuen bizitza paregabean, etengabe ibili zen edertasunaren bila; izan ere, edertasunez inguratzeaz gain, horren bilduma ere egiten zuen. Modu eklektikoan aurkitzen zuen edertasuna artelanetan, liburu arraroetan, harribitxietan, objektu baliotsuetan, lorategietan, giro zainduetan eta bere jantzietan bertan. Hain zuzen ere, hamar urtez baino gehiagoz, Balenciagak egin zizkion jantziak.

Bezero bikaina izateaz gain, Bunny Mellon jostunaren adiskide pertsonala ere izan zen, eta harreman horrek Bunnyrentzat egindako Maison-eko egokitzapenetan eta diseinu berezietan islatu zen. Balenciagak berak, erretiratu zenean, Hubert de Givenchyrengana transferitu zuen harreman hori.

Gaur egun, Balenciagak Mrs. Mellonentzat egindako sorkuntzetako asko Cristóbal Balenciaga Museoan daude gordeta, eta emakume horren legatua da museoko artxiboetan dagoen bildumarik garrantzitsuena, ongile bakarrarengandik jasotakoen artean.

Informazio gehiago.

 

Iturria: Cristobal Balenciaga Museoa

Later Event: October 27
CALE, CALE, CALE! CAALE!!!